Aurrekariak
Presoen bizi-baldintzak Arartekoaren etengabeko kezkarako arrazoia dira. Espetxeratuek beren askatasuna galdu izanak ez du esan nahi ahultasun egoera bizi behar dutenik. Aitzitik, beren eskubide guztiak normaltasunez gauzatu eta epaian zehazki mugatu ez dizkieten gizarte-onura guztiak izan behar dituzte. Gure espetxeetako errealitateak, ordea, presoek eskubide horiek praktikan baliatzerakoan bizi dituzten mota guztietako zailtasunez hitz egiten digu.
Administrazioaren jarduna ikuskatzeko eskumenik ez dugun eremua da, hura Estatuko Administrazioari dagokiolako. Aldiz, esku har dezakegu, administrazio autonomikoak, foru erkidegoetakoek eta tokikoek eskaintzen edo kudeatzen dituzten zerbitzu eta ekimenen menpekoa denean espetxean dauden pertsonen eskubideen eraginkortasuna. Funtsean, hauek dira aipatu zerbitzuak: osasuna, hezkuntza, garraioa, prestakuntza-programak, gizarte-ongizatea eta laneratzea.
Bestalde, erakunde honek beti pentsatu izan du bere betebeharra dela egungo zigor-sistemari buruzko hausnarketa bultzatzea, legeak egotzi dion lana, hau da, giza eskubideen kultura hedatzeko lana, betez. Zentzu horretan, gure betebeharra da Eusko Legebiltzarrari eta gizarte osoari jakinaraztea gure espetxeetan dauden espetxeratuek bizi dituzten baldintzak, askatasuna mugatzeak benetan dituen eraginak jakinaraztearekin batera. Hori guztia, ildo estrategiko hauen bidez gauzatzen den esku-hartzearen bitartez:
• Politika kriminalaren eta espetxe-ereduaren inguruan hausnartu beharra dagoela adieraztea gizarteari.
• Espetxearen ordezko tratamenduen aukerak dibertsifikatzea, eta ahalik eta gehien hedatzea erregimen irekia.
• Gizarteratzeko bideak indartzea, bai maila soziolaboralean, bai, askatasuna kenduta duten pertsonek eduki ditzaketen behar kognitibo-konduktualen gainean esku-hartuz.
• Espetxeek irekiagoak izan behar dute, lotura handiagoa izan behar dute gizarte osoarekin. Beraz, egin dezagun parte hartzeko sistemak garatzearen eta indartzearen alde, bai espetxeen barrualdean, bai antolatutako gizarte zibilarengandik datozen ekimenei dagokienez.
Azkenik, eskumen-mugaketak ditugun arren, espetxearen errealitatearen eta legeak zigor askatasun-gabetzaileari esleitzen dion errehabilitazio-zereginaren artean sartzen diren arazo ugariak konpontzen saiatzen gara. 2016an, ez dira ildo horretan jasotako kexak gehiegi aldatu, eta, ondorioz, hiru mailatan hartu dugu esku:
• Osakidetzaren aurrean, gure espetxeak betetzen dituzten pertsonen osasuna zaintzeko erantzukizuna baitauka; izan ere, gainerako biztanleak artatzen dituen osasun-sare berberak artatzen ditu espetxeratuak. 2016an, mediku-buruzagitza berria izendatu da Arabako espetxean. Zentro horri buruzkoak izan dira eremu honetan ireki diren espediente guztiak, eta, horri esker, prebentzioaren zein diagnostikoaren eta tratamenduaren arloan egin diren hobekuntzak egiaztatu ahal izan ditugu.
• Euskadiko agintaritzen aurrean ere jardun dugu, Barne Ministerioaren mendeko Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean garatzen dituen prestakuntza-jardueren edo lan-sustapenerako jardueren inguruan.
• Era berean, borondate oneko kudeaketen bidez, gai hauen inguruan azaldu dizkiguten kexei ere arreta ematen saiatu gara: seme-alaba adingabeekin dauden emakumeen moduluetako bizi-baldintzak, espetxe-sailkapena, baimenen emakida, lekualdatzeak, helmugak eta zigor-araubidea. Hori guztia, eskudun Herriaren Defendatzailearekin koordinatuta, Estatuko Gobernuaren mendeko administrazio-jarduerak dira-eta.
Edonola ere, Bilboko Espetxe-zaintzako Epaitegitik eta Zigor-arloko Betearazpen Epaitegitik jasotako laguntza eskertu behar dugu, bai eta, beste behin ere, gure kudeaketek Arabako, Basauriko eta Martuteneko espetxeetako Zuzendaritzengan aurkitu duten jarrera harkor eta laguntzailea eskertu ere.
1. Kexarik aipagarrienak
Arartekoak bere jardueraren eremu honetan egin duen esku-hartzearen erakusgarriak izan daitezela kasu hauek.
1.1. Gizarteratzeko bideak diseinatzeko kudeaketak
Jasotako kexa
Urtean zehar, espetxeratuek abiarazitako hainbat espediente izapidetu genituen. Pertsona horiek galduta zituzten beren erreferente familiarrak, bai eta sozializatzeko erreferenteak ere, espetxean luzaroan egoteagatik, askotariko mendekotasunengatik edo jarrera-arazoengatik.
Ondorioz, adierazten zutenaren arabera, ordenamenduan aurreikusten diren erdi-askatasuneko modalitateetako batean kondena betetzeko baldintzak betetzen zituzten arren, ezin zieten horiei heldu, kanpoan ez zutelako inolako laguntzarik. Gabezia hori betetzeko laguntza eskatzen zioten Arartekoari, gizarteratzeko neurrien onuradun izateko aukera eduki zezaten, horietarako eskubidea zutela uste baitzuten.
Arartekoaren esku-hartzea
Beren inguruabarretara egokitutako gizarteratzeko eta laneratzeko bideak eduki ahal izan zitzaten hartu zuen esku Arartekoak. Hiru neurri mota hartzea ahalbidetzen zien horrek espetxe-agintaritzei, edo, hala bazegokion, Espetxe-zaintzako Epaitegiari: baldintzapeko askatasuna, hirugarren graduko sailkapena eta Espetxeen Erregelamenduaren 100.2. artikuluak bigarren mailako espetxealdia betetzen ari diren kasu zehatzetarako aurreikusten dituen malgutze-bideak.
Horretarako, maila ezberdinetan aritu ginen lanean:
• Espetxeetako Zuzendaritzak eta Espetxe-zaintzako Epaitegiak. Hain zuzen ere, aipatu neurriak ez emateko eragozpen bakarra gizarteratzeari laguntzeko baliabideen falta zela egiaztatzeko xedez.
• Pertsona horiek har litzaketen baliabide eta programetako foru-agintaritza arduradunak.
• Hitzarmenen edo diru-laguntzaren bidez, aipatu bitartekoak kudeatzen zituzten gizarte-ekimeneko erakundeak
• Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua (ZKEZ).
Emaitza
Kasu gehienetan, egoitza-baliabideak esleitzea eta gizarteratzeko eta laneratzeko programak diseinatzea lortu zen, eta horiek, aipatu neurriak betetzea ahalbidetzeaz gain, segimendua egiteko baliozko erreferentzia ziren. Zentzu horretan, ZKEZren laguntza erabakigarria izan zen, bai neurri horiek emateari eta kexagileak espetxetik ateratzeari begira, bai eman zitzaien laguntzak pertsonen beharrak kontuan hartzeari begira, bere osotasunean.
Esku-hartze horien arrakasta, ordea, ez da erabatekoa izan; izan ere, kasu jakin batzuetan, foru-erakundeek, eskura zeuden baliabideen titularrak ziren heinean, uste zuten ez zegoela pertsona zehatz bati egokitzen zitzaion baliabide egokirik. Espetxeetako agintaritzek, berriz, neurri horiek jasotzeko gai ikusten zituzten pertsona horiek. Beraz, disfuntzioa dakar egoera horrek, eta berori gainditzeko xedez jarraitzen dugu lan egiten.
1.2. Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabe batek Arabako espetxean barneratuta zegoen bati bisitak egitea
Jasotako kexa
Arabako espetxean barneratuta dagoen herritar batek Arartekora jo zuen; hala, kexa bat jarri zuen Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean dagoen adingabe batekin harremanetan jartzeko zailtasunak direla-eta; neska hori bere semearen neska-laguna da eta, adierazi zuenez, bere familiak beti izan du oso harreman estua berarekin.
Kexagileak adierazi zuen berak eskatu zituela bisita horiek espetxetik eta, ukatzeko arrazoirik ez badago ere, bere baimena atzeratzen zela, koordinaziorik ez dagoelako espetxe-zerbitzuen eta adingabearen tutoretza duten foru arduradunen artean.
Arartekoaren esku-hartzea
Kasu honetan, Arartekoaren esku-hartzearen xedea ez zen soilik izan, kexa eragin zuten oztopoak baztertze aldera, indarreko araudia aplikatzea. Izan ere, horien izaera juridikoa nahiz egitatezkoa zen: hobetzeko marjina erakusten zuten ukitutako bi administrazioen arteko koordinazioan, baita horien eta kexagilearen arteko komunikazioan ere.
Foru-aldundiari informazioa eskatu ondoren, horrek baieztatu egin zuen tutoretzapeko gaztearen kargura zegoen heziketa-taldearen eta psikologoaren ustez, bisitek on egingo lioketela garapen emozionalari begira, gazteak kexagilearekin zituen loturak kontuan hartuta. Ondorioz, eta adingabe baten interes gorena jokoan zegoenez, harremanetan jarri ginen Espetxeko Zuzendaritzarekin. Aipatu komunikazioak ez baimentzea erabaki zuela adierazi zigun horrek, lagun gisa eskatzen diren bisitak ukatzea baita beren irizpide orokorra, adingabeen kasuan.
Arartekoak bi inguruabar adieraziz erantzun zuen. Horiekin, kasu honetan, ñabartu egin zen irizpide horren ezarpena, eta eskatutako bisitak bateragarriak izan zitezela lor zitekeen, erakunde honen iritziz, espetxeko araudiak komunikazioen arloan duen ikuspegiarekin:
• Adin txikiko hori adin-nagusitasuna betetzetik hurbil zegoen, eta behin baino gehiagotan eskatu zuen bere tutoretza duen foru erakundearen aurrean barneratua bisitatu ahal izatea; izan ere, horrekin ia-ia ama-alaba harremana dauka. Neska horrentzat, kexagilea eta bere seme-alabak familia-erreferentzia bakarra dira, eta, gainera, barneratuaren semearen bikotea da.
• Tutoretza duen erakundea aipatu komunikazioa gertatzearen alde zegoen; izan ere, adingabearentzat onuragarria zela uste baitzuen, barneratuak berarentzat duen erreferentziazko irudia kontuan hartuta.
Emaitza
Planteamendu horren aurrean, zentroko Zuzendaritzak bere irizpidea aldatu zuen, eta komunikazioa baimenduko zuela jakinarazi zion Arartekoari. Baldintza bakarra ezarri zuen: bisiten egutegiaren berri eta adingabeari lagunduko zion pertsonaren berri ematea Arabako Foru Aldundiari.
Erabaki horren berri eman genion tutoretza zuen erakundeari, eta laguntzaile gisa barneratuaren semea bera izendatu ostean, berehala bidali zizkion horren datuak espetxeari, Adin Txikikoaren Kontseiluaren baimenarekin eta hurrengo bi hilabeteetarako bisita-programarekin batera. Horri esker, egun gutxi batzuetara, lehen komunikazioa gertatu zen barneratuaren eta gaztearen artean.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2016an, gure espetxeetan barneratutako pertsonen kopuruak behera egiteko joerari eutsi zaio, gure azken txostenetan azaldu dugun moduan. Eta, beste behin ere, bi arrazoirengatik gertatu da:
• Delituen kopuruak behera egin du. Ertzaintzaren estatistiken arabera, eta aurreko urtearekin alderatuz, % 3,17 jaitsi da kopurua, eta, funtsean, zigor mota guztiei ezar dakieke ehuneko hori. Bereziki adierazgarria da, zentzu horretan, bizitzaren aurkako delituak % 33,87 jaitsi izana, ordena publikoaren aurkako delituak % 24,21 jaitsi izana eta osasun publikoaren aurkako delituak (droga-trafikoa) % 11,54 jaitsi izana, eta ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituek, aldiz, bere horretan jarraitu izana. Ertzaintzak dakiela, 61.790 kasu gertatu dira 2016an, eta gure espetxeetan dauden biztanleek gehien egindako arau-hausteak izaten jarraitzen dute horiek.
• Egun betetzen diren kondenen gainean ondorioak edukitzen jarraitzen dute, denborari begira elkarrengandik hurbil egon arren, Zigor Kodea aldatzen duen 5/2010 Lege Organikoak egin zituen bi aldaketa hauek:
- Osasun publikoaren aurkako delituen modalitate jakin batzuei esleitutako zigorrak jaitsi egin dira.
- Arrazoi horrengatik atzerritarrei ezartzen zaizkien zigorren betearazpenak ordezkatzen dira, jatorrizko herrialdeetara itzularazten baitira. Zigor Kodearen 89. artikuluaren erreformak, ildo horretan, Atzerritarrei buruzko 4/2000 Lege Orokorraren 57.2. artikuluaren filosofia Zigor Kodera eramaten duela dirudi, zigor askatasun-gabetzailea duten herritar atzerritar guztiak sartzen baititu hor, horiek erregularrak, irregularrak edo are EBko herritarrak izan gorabehera. Egia da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2014ko maiatzaren 13ko epaiak zehaztu egin zuela horren ezarpenaren automatizazioa; izan ere, kanporatzea aginduko duen ebazpenak hauek kontuan hartu behar dituela ezartzen du: atzerritarrak Espainian bizitzen egindako denbora, bertan sortutako loturak, adina, kanporatzeak interesdunari eta haren familiari dakarzkien ondorioak eta beste herrialdearekin dituen loturak. Hala ere, eragile juridiko guztiek bat egiten dute adieraztean, beste behin ere, neurri horren ondorioz atzerritarren kopuruak behera egin duela gure espetxeetan.
Horren ondorioz, azken zortzi urteetan, biztanleriaren % 17 galdu dute Euskadiko espetxeek.Txosten hau ixterakoan, 1.223 pertsona ziren (1.100 gizon eta 123 emakume). Emakumeei dagokienez, % 55 zeuden Arabako espetxean, % 24 Basaurikoan eta % 21 Martutenekoan.
Alabaina, askatasun-gabetzea gehiegi erabiltzen dela adierazten dute zifra horiek, eta egitate hori azpimarratu beharrean gaude. Espetxeen Inguruko Gizarte Erakundeen Sareak 2016ko apirilean agerian jarri zuen mezu hori, berriro ere, Zigorren eta espetxeen errealitateari buruzko ikerketan. Ikerketan eman diren datu esanguratsuen artean, hiru nabarmendu nahiko genituzke. Aipatu ditugun alderdietatik harago, etorkizunera begira jarri du Euskadiko espetxeetako biztanleriaren beherakada, eta politika kriminal zehatz baten epe luzerako ondorioen testuinguruan kokatu du:
• Kondenak, batez beste, 18 hilekoak izaten dira. Euskadiko espetxeetan betetzen diren zigorraldiek bikoiztu egiten dute Europako batezbestekoa, eta bederatzi aldiz gainditzen dute Danimarka bezalako herrialdeetakoa. Izan ere, azken 20 urteetan hazi egin da espetxe-zigorren iraupena, eta, bestetik, zailtasun handiagoak daude baldintzapeko askatasuna edo hirugarren gradua eskuratzeko. Horrek eragiten du Espainian eta Europar Batasunean dauden presoen kopuruen arteko desberdintasuna.
• Espainian, 100.000 biztanletik 133 espetxean daude; Europar Batasuneko mendebaldeko 15 herrialdeetan baino % 31,68 handiagoa da espetxeratze-tasa. Horrela, aipatu tasa eta Europar Batasuneko batezbestekoa berdinak balira, eta gure krimen-kopuruak kontuan hartuta, egungoaren erdia izan beharko litzateke espetxeratuta dagoen Euskadiko biztanleria.
• Egungo joerak aurrera egingo balu, Espainiako delituen tasa 1.000 biztanleko 40 ingurukoa litzateke 2019an. Bada, horrek 1987ko krimen-kopuru berean jarriko gintuzke, baina, urte hartan, espetxeetako biztanleria egungoaren erdia baino gutxiago zen.
Datu horiek zerikusia dute urte amaieran Gipuzkoan espetxe berri bat irekitzeko espedientea abiarazi izanarekin, beste behin ere. Izan ere, azken hamarkadan, hainbat aldiz iragarri da oztopo gehiegi zeudela Iparralde III espetxea egiteko (horrela esaten zaio, ofizialki, Zubietako espetxeari), eta beste hainbat aldiz eten izan da proiektua. Aurreikuspen berrien arabera, 2017aren amaieran hasiko dira obrak, eta espetxe berriak ez ditu 2020aren amaierara arte irekiko ateak.
Bitartean, hasiera batean azpiegitura horrentzat aurreikusi zen neurria murriztu egin da; hala ere, Gipuzkoako espetxe zaharraren edukiera bost aldiz gaindituko luke zentro horrek. Hiru bizitegi-modulu edukiko lituzke, eta erabilera anitzeko beste bat. Guztira, 508 ziega egongo lirateke (Martutenek 108 dauzka), eta horietako lau banakakoak izango lirateke, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Berez, ziegen erabilera orokorra banakakoa izango litzateke, baina bi pertsona hartu ahalko lituzkete, beharrezkoa balitz. Gainera, beste 80 ziega osagarri edukiko lituzke, honela antolatuta: 24 banakako erregimen itxiko moduluan, 32 erizaindegian eta 24 sartzeetan, irteeretan eta igarotzeetan.
Martutenek duen gabezia handienetako bati irtenbidea emateko aurkeztu da proiektua, bertan ezin baitira presoak delituaren eta ezaugarrien arabera banandu, nahiko litzatekeen bezala. Erakunde honen iritziz, ordea, behar horren aurreko sentsibilitateak, zalantzarik gabe positiboa izan arren, ez luke zertan proiektatu den bezalako irtenbidea ekarri. Behar horri arreta emateko modu gehiago daude, eta Euskadik eduki beharko lukeen espetxe-ereduari buruzko hausnarketa orokor batean azaldu beharko lirateke modu horiek, horretarako eskumena onartzearekin batera. Jakina, lehenbailehen onartu beharko litzateke eskumen hori. Arartekoak hainbat aldiz aipatu du hori urtean zehar, eremu honetan herritarrek dituzten eskubideen egoera baloratzean, aurrerago jaso ditugun terminoetan.
Azken alderdi horrekin zuzeneko lotura duenez, aipatu beharra dugu indarrean jarri dela, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019ren esparruan, gizarte-zerbitzuetako prestazioen zerrenda berria.
Azkenik, eta urtean zehar erakunde honetan jaso diren kexa batzuetan garrantzia duela kontuan hartuta, ebazpen hauek aipatu behar ditugu:
• Auzitegi Gorenaren 2015eko abenduaren 9ko epaia, espetxeen arloan doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoak aurrera egin ahal izateko betekizunak ezartzen dituena.
• Konstituzio Auzitegiaren 2016ko ekainaren 23ko 123/2016 epaia, baliogabe eta konstituzioaren aurkako izendatu zituena Estatuko 2014rako Aurrekontu Orokorren Legeak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean sartu zituen aldaketa zehatz batzuk. Aldaketa horien arabera, terrorismoarekin zerikusia zuten delituengatik kondenatutako 220 pertsonak langabeziagatiko sorospena jasotzeari utzi zioten, behin espetxetik kanpo zeudela. Espetxetik atera direnentzako sorospena izaten da hori, eta EEZPk kudeatzen du. Epai horri helduz, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko Salak adierazi zuen preso-ohiek sei hilabetez jaso dezaketela espetxetik ateratzeagatiko sorospena, eta sei hileko aldietan luza daitekeela, gehienez ere urte eta erdi egin arte.
• Bizkaiko Entzutegi Probintzialeko bigarren atalaren autoak, 2016ko azaroaren 18koa bata eta 2016ko abenduaren 7koa bestea. Basauriko espetxean barneratutako bi presok jarritako kexak balioestean adierazi zuten beren zigor- eta espetxe-egoerari buruzko informazio eguneratua edukitzeko eskubidea dutela, eta zentroko langileek ahalbidetu behar dietela hori. Eskubide horren urraketak lotura zuzena zuen barneratutakoen arretak zituen gabeziekin. Arartekoak Legebiltzarrarentzako iazko txostenean azaldu zuenez, presoei ematen zitzaien informazioari eragiten zion horrek, kondena-berrikuspenen, moldaketen eta gizarte-erantzukizunen arloan.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Bilerak elkarteekin
Hiru lurraldeetan bilerak egin ditugu presoen birgizarteratzean lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeekin eta abokatu elkargo bakoitzeko Espetxe Laguntzako Txandaren ardura duten abokatuekin.
Urtero dauzkagun topaketa horien bitartez, burutzen ditugun jardueren berri elkarri emateko esparru egonkorra izan nahi dugu, urte osoan gure esku-hartzea eskatzen den kasu jakinei buruz daukagun harremanaz gain. Bestalde, adierazten dizkiguten kezkarako arrazoiei esker, gure espetxeetako egoeraren bilakaera ezagutzen dugu lehen eskutik.
3.2. Bilerak administrazioarekin
Urtean zehar, etengabeko harremana eduki dugu Justizia Sailburuordetzarekin, horren mendekoa baita Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua, gizarteratzeko eta laneratzeko bideekin zerikusia duten kontuen inguruan.
Era berean, Osakidetzako arduradunekin lan egiteko aukera eduki dugu. Laguntza hori erabakigarria izan da espetxeko osasunaren arloan azaldu diren espedienteak ebazteko orduan.
3.3. Ikuskapen bisitak
Estatuko Herriaren Defendatzailearen lantaldera gaineratu zitzaizkion Arartekoko langileak. Urrian, bi eguneko ikuskapena egin zuen talde horrek Arabako espetxean, zentro askatasun-gabetzaileen kontrol-lanen esparruan. Tortura eta tratu txarrak prebenitzeko mekanismo nazionalaren barruan dago kokatuta hori.
Bestetik, instalazio psikiatrikoak ikuskatzeko nazioarteko prestakuntza-tailerrean hartu zuen parte erakunde honek, Vilnan (Lituanian). Askatasuna kenduta duten pertsonen eskubideak bermatzeko erakundeei zuzendutakoa zen tailerra. Ombudsmanaren Nazioarteko Erakundeak antolatu zuen, Tortura Prebenitzeko Elkartearen (APTren) laguntzarekin, eta hamazazpi herrialdeetako adituak bildu zituen (herriaren defendatzaileen arloan ziren adituak). Erakunde psikiatrikoetan gogoz kontra sartzearen gaineko kontrolarekin zerikusia duten erronka espezifikoak maneiatzeko behar diren esperientziak, ezagutzak eta trebetasunak trukatzeko aukera egon zen han. Torturaren eta Tratu Txarren aurkako Nazio Batuetako Biltzarraren Protokoloak diseinatutako prebentzio-mekanismoen funtzionamendua erreferentetzat hartuta, ikuspegi batez ere praktikoa eduki zuen topaketak, eta egun bateko ikuskapena egin zen Lituaniako espetxe-psikiatriko bakarrera.
3.4. Parte-hartzea ekitaldietan, ikastaroetan biltzarretan
Urtean zehar, erakunde honek hainbat aldiz hartu du parte, hizlari lanetan, presoen egoerari buruzko mintegi espezializatuetan; hiru eremutan, batez ere:
• Unibertsitatekoan, arlo horretan egiten dugun esku-hartzearen ildoak zeintzuk diren erakusteko eta Arartekoak Euskadiko espetxeen egoeraren gainean egin duen diagnostikoa azaltzeko aukera eduki dugu, Euskal Herriko Unibertsitateko graduondoko zenbait ikastaroren harira. Era berean, eta gure unibertsitate publikoaren udako ikastaroen esparruan, espetxe-eremuko osasun mentalari buruzko ponentzia eman zuten erakunde honetako langileek, Buru-osasuna eta bizi-kalitateari buruzko ikastaroan.
• Elkarteen sarearen eremuan, espetxe-ingurunean lan egiten duten gizarte-ekimeneko erakundeek antolatutako topaketen bidez. Zentzu horretan, jardunaldi hauek nabarmendu daitezke: Zigor-prozeduren mende edo espetxean dauden eta gaixotasun mentalak dauzkaten pertsonen arreta, komunitate-eremuan.
• Beste alde batetik, espetxeetako errealitateari buruzko azterketa azaltzeko aukera eduki du erakunde honek. Bi kolektibo espezifikori buruzkoa da azterketa:
- Emakumeak: Emakumeak eta Kartzelari buruzko Nazioarteko Jardunaldien baitan, Bilbon.
- Terrorismoarekin zerikusia duten delituengatik kondenatuta edo espetxean dauden pertsonak: mintegiak eta hausnarketarako foroak, bai gizarte zibilak, bai Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak deitutakoak horiek.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Espetxeratuena da gure gizarteko talde ahulenetako bat. Horregatik, elkarrekin joan behar dira espetxe-transferentziaren eskaera eta euskal herritar guztien deia, gizartea jakitun izan dadin espetxea ez dela erakunde urruna eta besterena, eta errealitate horren gaineko erantzukizuna hartu behar dugula.
Zentzu horretan, transferentzia horren ikuspegia (zeinaren aldarrikapena Arartekoak ere sinatzen duen) eta espetxeen errealitatea komunitatean hobeto sartzeko beharra lotzea da gure lana, presoak gure erakunde autonomikoek, foralek eta tokikoek antolatzen eta kudeatzen dituzten zerbitzuen (gizarte zerbitzuak, hezkuntza-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak eta lana sustatzeko zerbitzuak) sare normalizatura sartzeak edukiko lukeen eraginaren bidez.
4.2. Aipatu eremuen artean, gizarte zerbitzuenak eragin ditu berrikuntza gehien aurten, zentzu bikoitzean:
• Alde batetik, alderdi arautzailea dugu, indarrean jarri baita gizarte-zerbitzuetako prestazioen zerrenda berria. Urrats positiboa da hori, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legearen garapenaren amaiera baitakar. Horrekin, erregulatu egin dira herritarrek, askatasuna kenduta duten herritarrak barne hartuta, gizarte-zerbitzuak eskubide subjektibo gisa eskatzeko baldintzak, bai eta zerbitzu horiek modu homogeneoan gozatzeko baldintzak ere, gure autonomia-erkidegoari dagokionez. Alabaina, gabezia baten berri eman dute hirugarren sektoreko erakundeek zein Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019 planak berak: eremu soziosanitarioa, batez ere, mendekoa den hirugarren adinaren inguruan garatu da, eta ez horrenbeste gizarte bazterketaren errealitateen inguruan. Eta, horien artean, presoen errealitateak dira arreta gutxien jasotzen dutenak, eta horrela izaten jarraituko dute, espetxeen espazioa gure erakundeen eskumen-eremukoa ez dela uste den bitartean.
• Beste alde batetik, esku hartu behar izan dugun disfuntzioak daude; izan ere, administrazio batzuek berrantolaketa-lanak egin dituzte, aurreko puntuan salatu dugun gabeziaren testuinguruan, askatasuna kenduta duten pertsonei laguntzeko lana araudi berri horri egokitzeko xedez.
Hirugarren sektoreko erakundeek kudeatzen zituzten, funtsean, tradizionalki laguntza hori zehazten zuten bitartekoak. Horiek izan dira hirugarren gradura sartzea ahalbidetzen zuten betetze alternatibo eta bide ugari gehienen arduradunak. Laguntza publikoak zituzten horretarako, bai diru-laguntzen bidez, bai hitzarmenen bidez. Egoera horrek, prekarioa eta ez oso homogeneoa izan arren, malgutasunak eta arrazoizko epean erantzuteko gaitasunak ezaugarritzen zuen esku-hartze mota sortu zuen. Gainera, gure ustez, ezagutza aditua bermatzen zuen, artatutako pertsonen problematika osoa jorratzea ahalbidetzen zuena.
Erregulazio berria, zalantzarik gabe, aurrerapausoa da, sisteman sartzen duen arrazionalizazioa dela-eta. Alabaina, egiaztatu dugun arriskua dakar: gure espetxeetako errealitateari lotutako gizarte-bazterketaren berezitasunak kontuan hartu gabe egin dira horietako batzuk, prestazioen eta zerbitzuen zerrenda berrian, memoria ekonomikoan eta gizarte-zerbitzuen mapan jasotako irizpide berriekin lerrokatu direnean beren baliabideak.
Ildo horretan, nahitaez ezagutu behar da zein azpiegitura behar den sustraitzerik ez duten pertsonek baimenez goza dezaten, edo nolabaiteko erregimen irekia baimentzen duten bigarren graduko modalitateetan bete ahal izan dezaten kondena. Espetxeen Erregelamenduaren 100.2. eta 182. artikuluek erraztu egiten dute, zalantzarik gabe, bergizarteratzeko eta komunitatearekiko harremanak eraikitzeko eta berreraikitzeko xedeak betetzea, baina, horretarako, plazetan indartsuagoa den eta plaza horien esleipenerako balorazioan eta esleipenean arinagoa eta malguagoa den laguntza-sarea behar da.
• Familiaren laguntzarik ez duten pertsonak laguntzeko beharrei arreta emateko zentro eta plaza mota nahikoak eduki behar ditu gizarte-zerbitzuen zerrendak. Hala ere, laguntza hori ezin daiteke espetxe-ostekoa bakarrik izan. Espetxekoa ere izan behar da, horren araberakoa baita pertsona horiek erregimen irekira iristea, baimenen eta aurretiko erregimen irekien bidez. Izan ere, graduaren sailkapenean aurrera egitea ahalbidetzen dute baimen horiek, eta oinarrizkoak dira, gizarte- eta komunitate-mailan, pertsona horiek erakundeekin lotzeko, erakunde horiek lagunduko baitie gero gizarteratzeko bideak arrakastatsuak izan daitezen.
• Eskaera-prozedurei eta bazterketa baloratzeko tresnei dagokienez, beti erroldatuta ez dagoen eta eragile espezifikoen arabera (hala nola, askatasun-gabetzea bera, lekualdatzeko eta zigortzeko aukera eta gizarte-erakundeetatik jasoko duen laguntza) gizarteratuko eta laneratuko den biztanleriari egokitu behar zaizkie.
• Erakunde honen ustez, ez da onargarria eskura dauden laguntza-baliabideetan onartzeko irizpideek horietatik kanpo uztea egokitu gabeko profila duten pertsona batzuk, espetxean egotea eraginez, espetxe-agintaritzek eta agintaritza judizialek adierazi dutenean espetxetik ateratzeko prest daudela. Zentzu horretan, ezinbestekoa da foru-agintaritzek eta Osakidetzak lan egin dezatela, gure administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzu soziosanitarioen zerrendaren bidez bideratu ahal izan daitezen kasu horiek guztiak, eta eremu horretako baliabide publikoen neurria, diseinua eta eskuragarritasuna une oro egon daitezen tratamenduak aurrera egitearen mende, eta ez alderantziz.
4.3. Gomendio horiek espetxe-eredu propioaren esparruan hartzen dute erabateko zentzua, eta, Eusko Legebiltzarrarentzako urteko txostenetan, urterik urte eman dugu behar horren berri. Bazterketa areagotzen ez duen zigor-betearazpeneko sistema integrala nahi dugu, gure espetxeetan dauden pertsona gehienak delitu egitera bultzatzen dituzten eragileak kroniko bihurtuko ez dituena. Gure ustez, Zigor eta Espetxe Betearazpen Politikaren ildo nagusiak ikerketa kontuan hartuta diseinatu beharko litzateke mota horretako sistema bat, behar diren eguneratzeekin. Euskal Herriko Unibertsitateak egin zuen aipatu ikerlana, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eskatuta.
Gauzak horrela, Zubietako espetxearen proiektua berriro aktibatu izana azpimarratu behar dugu, hasieran pentsatutakoa baino espetxe txikiagoa aurreikusten baitu, bazter utzi ostean bai Gipuzkoan eraikiko zen gizarteratze-zentroa, bai Bizkaian eta Araban proiektatutakoak. Erakunde honen ustez, dimentsio berri txikiago horiek eragin dituzten aurrekontu-mugaketak aukera izan litezke, eremu horretan lan egiten duten erakundeen bidez, eredu-aldaketa eskatzen ari den gizarte zibilaren proposamenen inguruan hausnartzeko, eta, zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan espetxe “itxi” edo “konplimenduzkoa” (Arabakoa) nahikoa den eta Bizkaian eta Gipuzkoan bi gizarteratze-zentro behar diren aztertzeko bidea emateko. Askatasuna kenduta edukita, gizarteratzeko eta laneratzeko bideetan aurrera egiten ari diren pertsonei arreta emateko zentroak dira gizarteratzeko zentroak. Araban bizi diren presoentzat, nahikoa izan liteke Gasteizen harrera-pisuak jartzearekin.
Eredu baten edo beste baten alde egitea, gure ustez, hausnarketa baten ondoriozkoa izan beharko litzateke, eta, hausnarketa horrekin batera, arlo honetako eskumenak onartzeko prozesua gertatu beharko litzateke. Edonola ere, gure ustean, aukera ezberdinen kostuak neurtu beharko lituzke gaiari buruzko hausnarketa arduratsuak; ezer baino lehen, gizarte- eta justizia-terminoetan, baina baita aukera bakoitza bideragarria izan dadin behar diren azpiegiturek eta langileek ekartzen duten gastu ekonomikoari erreparatuta ere.
4.4. Aurten, oso erabakigarria izan da erakunde honen lana, presoak, kondena eduki arren, herritarren eskura dauden zerbitzuen sare normalizatura iristearen alderdi espezifiko bati dagokionez. Gure osasun mentaleko baliabideek Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona guztiak artatzeko beharraz ari gara; hau da, patologia psikiatriko kronikoa edukita, zigor-prozedura judizialetan dauden edo horien ondorioz zigorrak edo neurriak betetzen ari direnez ari gara. Gure iritziz, Euskadin betearazten den zigor edo neurri bat jaso duen pertsona orok eduki beharko luke aipatu arreta jasotzeko aukera, zigorra erabaki duen organo judizialaren kokapena eta jurisdikzio-eremua edozein izanda ere. Zentzu horretan, arazoa bideratzeko modu egokia izan liteke tartean dauden erakundeen arteko hitzarmena.
4.5.Gure aurreko txostenean adierazi genuenez, kontraesankorra da eta, gainera, berdintasun-printzipioaren aurkakoa, behar terapeutikoengatik espetxetik kanpo bizi diren zigortuek (Espetxeen Erregelamenduaren 182. artikulua) diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko aukerarik ez edukitzea. Beren mantenu-gastuek ez dute inolako estaldura instituzionalik jasotzen, baina beren egoeran, gainerako betekizunak betetzen baldin badira, hirugarren graduan daudenei diru-sarrerak bermatzeko errenta ematea justifikatzen duten arrazoi berberak daude, eta azken horiek jasotzen dute. Espetxeko egoera horrek ez du ez horien birtualtasuna, ez laguntzaren funtsa deuseztatzen.
Hirugarren graduan –murriztuan, arruntean edo telematikoan– dauden pertsona askorekin egiten da mendekotasunekin lotutako esku-hartze terapeutikoa, baina ez zaie kentzen DSBE jasotzeko eskubidea. Era berean, toxikomanien tratamendua edo tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari diren pertsona guztiei ematen zaie DSBE, zigorra betetzen ari ez badira, baina ez zaie prestazioa ematen tratamendua Espetxeetako Erregelamenduaren aginduz egiten ari direnei, kasu batean eta bestean baloratu behar diren oinarrizko gizarte-egoerak ia berberak izan arren.
Azken batean, Espetxeetako Erregelamenduaren 182. artikuluaren bidez hirugarren gradua ezartzeak ezin dezake diru-sarrerak bermatzeko errentaren sarbidetik baztertu, eta egoera horretan dauden pertsonak prestazioaren sarbidetik kentzeak, berdintasun-printzipioa urratzeaz gain, larri kaltetzen ditu zaurgarritasun bereziko egoeran dagoen kolektibo bat gizarteratzeko aukerak. Halaxe jaso zuen, berariaz, Arartekoaren 2016ko abenduaren 22ko ebazpenak. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatzen zaio berriz azter dezala diru-sarrerak bermatzeko errentaren etete bati eusteko erabakia.
4.6.Urtean zehar, aldaketa aipagarriak egin dira terrorismo-delituen zigor- eta espetxe-tratamenduan.
Zentzu horretan, Arartekoak adierazpen publikoen bidez berretsi du, askatasuna kenduta duten pertsonei dagokienez, pertsona guztien titulartasunekoak diren giza eskubideen gozamena bermatzeko beharra dagoela.
Azkenik, erakunde honek errepikatu egiten du egokia dela espetxe-zigorra duten pertsonek jatorrizko tokietatik hurbil dauden espetxeetan bete dezatela zigorra, xede hirukoitz hau asebetetzeko: gizarteratzeari laguntzeko, ordenamendu juridikoak eskatzen duen bezala; zigortuen gizarte-deserrotzea saihesteko, lotura sozialak indartuz; eta urruntzeak familiei ekartzen dizkien ondorio negatiboak, kostuak eta arriskuak desagerrarazteko. Horren inguruko kexek berretsi egiten zuten, zehazki, zigorrak etxetik urrundutako zentroetan betetzeak kaltea eragiten diela adingabeei. Bestetik, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoei dagokienez, eta behar diren zuhurtziak ezarriz, Espetxeetako Erregelamenduan aurreikusita dauden neurriak horien alde ezartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu nahi dugu.